EUSKAL KAZETARIEN ELKARTEA - KAZETARIEN EUSKAL ELKARGOA

ALBISTEAK //

Herri-erronka berri baten aurrean Eusko Legebiltzarraren 40 urteurrenean


Eusko Legebiltzarra eratu zenetik 40 urte bete dira gaur. Eta urtemuga hau larrialdi egoera batean bizi dugu. Euskadirentzat, bereziki, eta planetarentzat, oro har, ezezaguna den eszenatoki batean. Gure oraintsuko historian ez baitiogu inoiz Covid-19k sortu duen bezalako mehatxu bati aurre egin behar izan.

Egoera guztiz berri honetan, 1980ko martxoaren 31 hartan zer baldintzatan bizi ginen, eta egun hartan Gernikako Juntetxean esandako hitz batzuk gogora ekartzea egokia iruditzen zait.

Diktadura batetik ateratzen ginen; ekonomikoki eta politikoki kaltetutako herria ginen eta askatasunen sistema bat finkatu beharra genuen. Erronka horiekin jaio zen Eusko Legebiltzarra, Juan Jose Pujana presidenteak zion moduan, 'zortzi mendez gero Euskadik izango duan lehengo Parlamentua'.

Legebiltzarren Adineko Mahaiko presidente gisa hitz eginez, Jesus Maria Leizaola lehendakariak Agirre lehendakaria buru zuen lehen Eusko Jaurlaritza gogora ekarri nahi izan zuen, 'gudu latz baten erdian, Euskadi edo Euskal Herriak bere autogobernu-erakundeak antolatzeari ekin zion une berezi hura. Ondoren, kezkaz betetako orduak jasan behar izan ditugu, eta zenbaitetan zaila izan da itxaropenaren garra pizturik edukitzea. Une honetan bizitzen ari garen errealitateak baieztatu besterik ez du egiten itxaropen hark, kontu handiz elikatuak, bere fruituak eman dituela. Euskal naziotasuna errealitate bizia dela, eta horri ezin zaiola ezikusiarena egin'.

'Eta berrogei urtetan horren alde -gure herriaren askatasun-eskubidearen eta herritarren askatasuneskubidearen alde- izan ginelako, eta lan eta lan ari izanik, ilunpe izatetik askatasunaren argitan lehenengo urratsak egitera helduak gera', gaineratu zuen. 'Eta gaur sinbolo baten gerizpean hasi gara Legebiltzarra eraikitzen, Gernikako Arbolaren itzalpean, Gernikakoa ez baita soilik euskal askatasunen ikurra, askatasunaren beraren ikurra baizik. Horixe da, ziur asko, une historiko honen baliorik handiena: euskal gizakiaren iraunkortasuna askatasunaren bila, zeina, dakizuen bezala, solidarioa baita', amaitu zuen.

Juan Jose Pujanak, Legebiltzarreko presidentea aukeratu berritan, honako hau azpimarratu zuen: 'Borroka, gudu, erailketa, zapalketa, indarkeria hutsez agertzen dan mundu erotu honetan Parlamentu berri bat eratzea ez da edozelako gauza. Itxaropen-garrasi bat dela esango nuke. Europako herri zaharrenak, erasotuenak, menperatuenak, bere nahiez, bere aginduz, Parlamentu hau eraikitzen du, demokrazian bizi nahi duelako, berdintasunean iraun nahi duelako, justizian laketu nahi duelako. Euskal Herria bere errautsetatik berpizten ari da'.


Eta hala izan da. Ezbeharrak gorabehera, Euskadi bere errautsetatik berpiztu egin da. Nahiz eta indarkeria, 1983ko uholdeak, krisi ekonomikoak eta beste hainbat oztopo jasan, Euskal Herriak aurrera egin du. Lau hamarkada hauetan aurrera egin dugu, herri honetan bizi eta hau osatzen dugun pertsona guztion inplikazioarekin Osakidetza, Ertzaintza, gure hezkuntza-sistema, gure gizarte-babeserako sistema ? eraiki ditugu eta gure hizkuntza eta kultura garatu ditugu. Aurrera egin dugu, herri eta gizarte gisa.

Eta orain erronka berri honi, pandemia suntsitzaile honi, aurre egingo diogu. Baina honi aurre egiteko, zorionez, 1980ko martxoaren 31n Eusko Legebiltzarrak bere ibilbidea hasi zuenean ez geneuzkan tresnen jabe gara. Osakidetza da horietako bat. Euskal osasun sistema unibertsala, publikoa, kalitatezkoa eta ekitatiboa dugu; konpromiso eta konpetentzia maila handia duten profesionalek osatutako sistema. Zerbitzu, azpiegitura eta teknologiaz hornitutako sistema bat. Azken batean, osasun sistema hori gehitu diogu milaka urtetan herri honek erakutsi duen indarrari, elkartasunari eta arazoak gainditzeko gaitasunari. Gisa horretan aurre egingo diogu eta elkar hartuta gaindituko dugu erronka kolektibo berri hau.


Legebiltzarraren urteurren hau ospatzeko ekitaldiak prestatzen hasi ginenean, imajinaezina zen gaur Gernikan egotetik urrun, birusa zabal ez dadin, norbera bere etxeetan konfinatuta izango ginatekeela pentsatzea. Hauxe da gure uneko errealitatea. Baina honek gure herriaren historia gainditze istorio bat dela ezin digu ezkutatu.

Ezin izan dugu 40. urteurren hau nahi genukeen bezala ospatu, nahiz eta aurrerago egitea espero dugun. Idatzi hau baliatu nahi nuke gure aurrekoei omenaldia eskaintzeko, eta irakaspenak ateratzeko nireak egiten ditudan haien hitzetatik eta egitateetatik.

Une berean, gaur eta hemen gure esker ona adierazi nahi diet Covid-19ri aurre egiten lehen lerroan dauden pertsona guztiei. Eskerrak denoi. Eta eskerrik asko, halaber, birusaren hedapena geldiarazteko beren etxeetan konfinatuta dauden euskal herritar guztiei. Zuen entrega, elkartasuna eta erakusten duzuen gizalegeagatik, mila esker guztiei.

Egun, aste, hilabete zailak ditugu zain, eta horietan elkarlana izango dugu gakoa. Herri heldua gara, herri jantzia. Azken 40 urte hauetan sendotu egin den herria, aurrera egiten jarraitu nahi duena, eta urrats kualitatibo berriak eman nahi dituena. Euskadin sinesten dut, herri hau osatzen dugun pertsonengan sinesten dut eta ziur naiz guztion artean aurrera egingo dugula eta indartuta aterako garela ataka estu honetatik.


Bakartxo Tejeria Otermin

Eusko Legebiltzarreko presidentea/Presidenta del Parlamento Vasco