EUSKAL KAZETARIEN ELKARTEA - KAZETARIEN EUSKAL ELKARGOA

ALBISTEAK //

Bertan behera geratu da BasqueDok Festivalaren III. Edizioa


BasqueDokfestivalaren III. Edizioa (Argazkigintza Dokumentalari buruzko Nazioarteko Festibala) ez da 2020an egingo, eta 2021eko urrira atzeratuko da, antolatzaileek iragarri dutenez, 'COVID-19ak eragindako munduko pandemia egoera eta hemendik 2020ko urrira bitartean eman daitezkeen aukerak aztertuta'.

UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak eta BlackKamerak (Argazkigintza Dokumentalaren Eskolak) antolatzen duten Euskal Herriko argazkilaritza dokumentaleko jaialdi bakarrak, 2020ko urriaren 22tik 25era bitartean egitea aurreikusita zegoena, 'herritarron osasuna eta ongizatea ziurtatzeko lehentasunezkoak diren beharrizanei erantzutea' lehenesten du.

Covid-19aren pandemiak eragindako mugen itxierak 2020an edizioa bertan behera uztera behartzen du, BDFren komunikatuaren arabera, 'Festibalaren edizioa baldintza onenetan ziurtatzeko aukerarik ezean, hizlariak ziurrenik ezin izango direlako haien herrialdeetatik irten eta ikusleek aforo baldintzak bete beharko dituztelako'.

Erabaki horrekin, BasqueDokFestivalek jaialdiaren etorkizuna bermatu nahi du, 'kalitate maila eta luzaroan irauteko asmoa arriskuan' ipini gabe, eta 2021ean 'aurrekoak gainditzeko moduko edizioa' eskaini nahi baitu.

BDFren III. edizio honen behin betiko datak 2020ko udazkenean zehaztuko dira. Antolakuntzaren arabera, edizio hori 'berriro ere argazkigintza dokumentalaren balio eta hizkerak adierazgarri bihurtuko diren lekua izango da', eta, ohikoa den bezala, nazioarteko entzute handiko argazkilariekin hitzaldiak, tailerrak, multimedia ikuskizunak, portfolioen berrikusteak eta abarren programa bat bilduko da.

Orain arte ospatutako BasqueDokfestivalaren bi edizioetan, Ixone Sádaba artista bisual eta argazkilari bilbotarrak komisionatuta, irudiaren alorreko hainbat profesionalek parte hartu dute: Susan Meiselas (BasqueDok Saria 2018), Nick Turpin (In-Public taldearen sortzailea), Tanit Plana, David Gaberle, Laia Abril, Ahmed Najm (Metrography Agentzia, Irak), Laura Silleras, Manu Bravo eta José Colón (Coop. ME-MO), Anna Surinyach eta Mikel Ayestaran (5W aldizkaria), Gari Garaialde, Ander Gillenea eta Josu Trueba Leiva (Bostok Photo Agentzia), Alfons Rodriguez, Jose Bautista, Ofelia de Pablo, Javier Zurita, Cristobal Hara (BasqueDok Saria 2019), Darcy Padilla, Matt Stuart (Magnum Agentzia), Bieke Depoorter (Magnum Agentzia), Martin Weber, Carol Körting (Leica photographie International aldizkariko Photoeditorea), Lua Ribeira (Magnum Agentziarako proposatua), Sofia Moro eta Daro Sulakauri.


Kazetariak