EUSKAL KAZETARIEN ELKARTEA - KAZETARIEN EUSKAL ELKARGOA

ALBISTEAK //

Informazio-eskubideari betoa jartzearen aurka

Alderdi politikoek kazetariei betoa jartzea, Euskadin behintzat, aspaldi bizi ez dugun gertaera da. Hala ere, Espainian, Vox eskuin muturreko alderdiak galarazi egin du 'El Pais'eko kazetari batek alderdi politiko honen prentsaurreko batera sartzea.

Informazio-askatasunaren aurkako gehiegikeria totalitarioek historia oso luzea dute Espainiako Estatuan eta munduko gainerako herrialdeetan. Joan den mendean, Europako erregimen naziak eta faxistak buru-belarri murgildu ziren kazetaritzan eta informazio-askatasunean askatasunez jardutea eragozteko. Ez da denbora gehiegi igaro informazio eta adierazpen-askatasuna finkatzeko, gaur egun gure gizartean oso presente dauden ideologia horiek komunikabideak eta kazetariak beldurtzeko bultzadei eutsi diezaieten, horiek gizarteari gertatzen ari dena konta ez diezaioten.

Eskuin muturreko erakunde horiek alderdi politiko horien interesei kalte egin diezaieketen informazioak argitara daitezen eragoztea da erabiltzen duten formuletako bat. Era berean, oso trebeak dira albiste faltsuak banatzen edo buluak sortzen beren etsaitzat jotzen duten guztiari buruz. Horretarako, ustezko komunikatzaileak erabiltzen dituzte; batzuek uste dute kazetariak direla, eta beren eginkizun nagusia dela beren gezur sektarioak gizarteari helaraztea, eta, horrez gain, sare sozialak ez ezik, gizarte-barneratze ukaezina duten komunikabideak ere erabiltzen dituzte.

Eta demokraziak, non ez baitute sinesten, defendatu eta babestu egiten ditu. Urte askotan zehar aldarrikapenean eta borrokan konkistatu diren askatasunak baliatu eta erabiltzen dira gehiengoaren eskubideak murrizteko. Nondik atera da jende hau guztia? Gehienek 40 urtetik beherako adina dute, zer heziketa izan dute? Non eta nork eman die demokraziari eraso egiteko deia?

Kezkatu egin behar gaitu horrek guztiak. Ideologia totalitarioek eragozten duten lehenengo gauza informazio eta adierazpen-askatasuna da. Garai horiek igaro zirela uste genuen, baina indartsuago eta lotsagabeago ikusten dira egun. Konstituzioa eta gizartea libreki informatzeko eskubidea babesten duten legeak bete daitezela eskatu behar dugu, eta oso argi utzi behar dugu hori oinarrizko eskubidea dela, eta haren defentsan eta jarrera autoritarioen aurka aurrez aurre egongo garela.

Txuskan Coterón