EUSKAL KAZETARIEN ELKARTEA - KAZETARIEN EUSKAL ELKARGOA

ALBISTEAK //

Euskadik Europako Eskualdeen Batzordearen aurrean nabarmendu du tokiko gobernuen eginkizuna funtzeskoa dela berreskurapen berdeari dagokionez


Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuordeak, Amaia Barredok, Regions4 tokiko gobernuen sarearen eta Euskadiren izenean parte hartu du Ingurumenaren, Aldaketa Klimatikoaren eta Energiaren Batzordean, eta eskualdeek krisialdia gainditzeko duten zeregin garrantzitsua aldarrikatu du


Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuordeak, Amaia Barredok, Europako Eskualdeen Batzordeko Ingurumenaren, Aldaketa Klimatikoaren eta Energiaren Batzordean parte hartu du, Regions4 Sustainable Development tokiko gobernuen sareko presidentea den aldetik eta Euskadi ordezkatuz. Bertan azpimarratu du eskualdeen eginkizuna funtsezkoa dela berreskurapen berderako irtenbideak martxan jartzeko.

COVID-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomiko, sozial eta sanitarioaren ondorioz, beharrezkoa izan da Europar Batasunaren esparruan tresna sendoak eta koherenteak garatzea eta aplikatzea, estatu kideei eta herritarrei pandemiaren ondorio suntsitzaileetatik berreskuratzen laguntzeko. Tresna horiek berreskurapenerako eta erresilientziarako estatuko planen baitan sartu dira. Ildo horretatik, tokiko eta eskualdeko agintarien zeregina funtsezkoa da plan horiek garatzeko eta aplikatzeko orduan; izan ere, euren erkidegoen inguruko aparteko ezagutza dute, eta horrek aukera ematen die erabakiak eta estrategiak eskualde bakoitzaren inguruabarretara egokitzeko.

'Osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisiei ingurumen-krisia gehitu behar diegu, eta konponbideak elkarri lotuta daudela jakin behar dugu. Klima-aldaketaren aurkako borrokak eta haren egokitzapen-neurriek gure biodibertsitatea babesteko ahaleginen eskutik joan behar dute; izan ere, moneta beraren bi aldeak dira eta jarduera ekonomikoaren eragile garrantzitsua dira gure eskualde eta hirientzat', adierazi du Barredo sailburuordeak bere esku-hartzean.

Zentzu horretan, Amaia Barredok forora bertaratutako tokiko eta nazio-azpiko gobernuak gonbidatu ditu Edinburgoko Adierazpenarekin bat egitera, horrela, Biodibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmenari eta hitzarmenari atxikitako alderdiei honako hau eskatzeko: biodibertsitatearen galera geldiarazteko neurri irmoak har ditzatela. Euskadik dagoeneko sinatu du Edinburgoko Adierazpena, mundu osoko 130 eskualde eta tokiko gobernu baino gehiagok egin duten bezala.

Regions4 eta Edinburgoko Adierazpena

Eskoziako gobernua buru duela, Edinburgoko Adierazpena Edinburgoko Prozesuaren emaitza da. Prozesu horretan, mundu osoko tokiko eta nazio-azpiko gobernuetako ordezkariak eta agintariak bildu ziren, 2020aren osteko biodibertsitate globalaren esparru-estrategia nola garatu eztabaidatzeko. Eskualdeko eta tokiko gobernuek dibertsitate biologikoaren galera geldiarazteko ezarritako helburuak betetzeko duten eginkizuna aintzatesteko eskatzen du Adierazpenak, bai eta urrian Txinako Kunming hirian egingo den Biodibertsitatearen aldeko Biltzarrean (COP15) adostuko diren helburu global berriak lortzeko duten eginkizuna ere.

Edinburgoko Adierazpena, beraz, gobernuen eta nazioarteko erakundeen arteko urtebeteko lankidetzaren emaitza da, zeinek konpromisoa hartu duten beren esperientzia eta baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, modu horretan, sektore publikoan, pribatuan eta enpresa-sektorean biodibertsitatea txertatzeko, hori guztia ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-erresilientzia handiagoa lortze aldera.

Regions4 sarea, besteak beste, honako hauek osatzen dute: Quebec, Eskozia eta Galesko gobernuek; Erresuma Batuko Ingurumen, Elikadura eta Landa-auzien Sailak; ICLEI hiri eta herri jasangarrien sareak; Europako Eskualdeen Batzordeak; Scottish Natural Heritage-ek, eta Nazio Batuen Ingurumenerako Programak. Guztiek ere biodibertsitatearen krisialdiari aurre egiteko ekintza handinahiagoak hartzeko deia egin dute.

Munduko nazio-azpiko 40 gobernuk osatzen duten eskualdeko gobernuen nazioarteko sarea da Regions4, biodibertsitatearen aldekoa. Gaur egun Euskadi da sarearen presidentea, eta hala izango da 2023ra arte. Eusko Jaurlaritzak betetzen duen presidentziarekin batera, sareak lau presidenteordetza ditu, eremu geografikoen arabera banatuta: Reuniongo gobernua (Asia? Pazifikoa eremuan), Rabat-Salé-Kenitrako gobernua (Afrika), Jaliscoko gobernua (Amerika) eta Flandriako gobernua (Europa). Era berean, Kataluniako gobernuak sarearen diruzaintza-lanak egiten ditu.

Eskualdeen Europako Batzordea

Eskualdeen Europako Batzordea Europar Batasuneko eskualdeen eta hirien ahotsa da. Europar Batasun osoko tokiko eta eskualdeko erakundeak ordezkatzen ditu, eta aholkularitza ematen du eskualdeengan eta hiriengan eragina duten lege berrien inguruan (EBko legediaren % 70). Lana sei batzordetan antolatzen da, eta horietako bat da Ingurumenaren, Klima Aldaketaren eta Energiaren Batzordea. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritza batzorde horretako kidea da.

Eskualdeen Europako Batzordeak 'Itun Berdea' izenekoaren ibilbide-orri bat du urte honetarako. Itun horren bidez, tokiko eta eskualdeetako liderrek karbonoaren neutraltasunerako trantsizioa bizkortzea erabaki dute, helburu eta lehentasun politiko gisa, hala, Covid-19ak eragindako krisiaren susperraldiaren erdigunean kokatuz hiriak eta eskualdeak.




IHOBE